Diagnostiko egokia egitea eta tratamendua jartzea prozesu bat izaten da, denbora luze samarrekoa eta zenbait profesionalen elkarlana eskatzen duena.

Era horretako trastorno bat duten umeen arazoak gurasoek nahiz irakasleek detektatzen dituzte beste inork baino lehenago. Garrantzi handikoa da, beraz, horien artean komunikazio egokia egotea ezinbestekoa da. Behin umeak horrelako trastorno bat izan dezakeela susmatuz gero, hurrengo pausoa aditu baten laguntza eskatzea izango da (pediatra, psikologoa, edo baita psikiatra ere).

Tratamendurako, hainbat lerro jorra daitezke nagusiki: terapia psikologikoa, gurasoen heziketa, estrategia egokia eskolan eta, azken bide gisa, botika edo farmakoak. Ikus ditzagun bide horiek, labur-labur:

* Gurasoen aholkularitza: Tratamendua eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gurasoei beren seme-alabak tratatzen laguntzea, eta horiek hezteko estrategia egokiak diseinatzea. Horregatik, hiperaktibitatea duten umeen guraso-elkarteak oso baliagarriak gerta daitezke lan horretan.
* Eskolan: Trastorno hori duten umeek gainbegirada eta zaintza berezia behar dute irakasleen aldetik. Ikasgaiak beste era batera antolatu behar litzaizkieke (ahal den neurrian), eta motibazio berezia eskaini.
* Tratamendu psikologikoa: Psikologo edo psikiatra baten eskutik, terapiak umearen pentsamendua antolatu eta bere portaera eta eskolako errendimendua hobetzen lagunduko du.
* Botikak: Betiere pediatraren aginduei jarraituz, normalean psikoestimulatzaileak edo depresioaren kontrakoak erabili ohi dira, kasu bakoitzaren ezaugarriak baloratu ondoren.


0 comentarios: